XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asko dira armadarako aingurak hornitzeko eskaria bereganatzeko lehian sartzen diren burdinolak, baina Hernani da urak bere errotara biltzea lortzen duena: 1750ean Hernaniko Udalak, Josefa Gregoria de Beroiz eta Jose Ignacio Duque de Estrada, Fagollaga, Pikoaga eta Ereñozu burdinoletako jabeak hurrenez hurren, elkartu eta kontratu bat sinatu zuten Gortearekin; beran, urtean 20.000 tona aingura lau urtez zerbitzeko konpromezua hartzen dute, eta ordainetan, mendietako lehengaiaz baliatzeko kreditu eta pribilegioak jasoko dituzte.

Erabaki hau, Erregeak, Francisco Antonio de Oquendo jauna eta Juan Fermin de Guilisasti maisua, fabrikako ikuskari izendatuz osatzen da.

Urte bereko azaroan hasi ziren fabrika berria eraikitzeko lanak egiten, eta urtebeteren buruan, neurri guztietako aingura-eskariak betetzen zituzten, bere esportaziorako Urumean barna Donostiako kaiaraino garraiatuz. Produktuen kalitatea eta instalakuntzen perfekzioa, mirespen-arrazoi izan zen Europako hainbat jakitunentzat.

Alabaina, handik bi urtera arazoak sortu ziren. Ferrolek aingura partida bat igorri zuen, eta zorren metaketak medio, arazoak daude Gabonetako soldatak ordaintzeko; horrek, jakina, egonezina sortu zuen olagizonen artean. Antonio Gonzalez Marroquin, untziaren kapitaina, sartu zen ikuskari lanak egitera eta Okendok hornitzaile kargua hartu zuen (administrari orokorra).

Hala, 1753an, Somorrostroko mearekin eginiko 24 aingura erraldoi, bakoitza 72 kintalekoa, entregatu ziren. Baina egoera ekonomikoa ez zen erabat konpontzen, eta Okendok bere ondasunak saltzea erabaki zuen, ordainketei aurre egingo baldin bazien.

Madrilek, emaniko materialaren hein handi bat zor bazuen ere, isilik jarraitzen zuen, eta 1754an fabrikak bere iharduera bertan behera utzi zuen. Okendok Ensenada ministroarengana jo zuen eta ordainketak desblokeatzea lortu gainera.

Azaroan arazorik gabe pasa zuen 24 aingura handi eta 100 txikiren ikuskapena, baina zorrak areagotzen eta fabrikaren izen ona erabat galtzen zihoan. Hurrengo urtean Okendo zendu zen, bai, eta zorigaitza ia erabatekoa izan zen.

Baina 1832an berriro lanean hasi zen Fagollagako burdinola Vicente de Ayesta maizterrarekin.